Artzaintza, balio ekologiko haundiko mendiko larretokien mantenimendurako giltzarria

Artzaintza, balio ekologiko haundiko mendiko larretokien mantenimendurako giltzarria

Aralar eta bertan lan eta bizi diren abeltzainen baldintzek sekulako sestra sorrarazi dute egungo komunikabideetan, hain zuzen horrexegatik, pentsatu dugu ona zela mendiko artzaintza goratu eta balioesten duen ikerketa lana argitaratzea, 10 urtez luzatutatko ikerketa sakonaren emaitzak.

Mendiko artzaintza, inguruko arlo sozial, kultural eta ekologikoetan eragina izateaz gain, funtsezkoa da larreak mantentzeko, balio ekologiko handidun ondare naturalak baitira. Horregatik, gaur egun mendi atlantiarrean, Euskal Herria barne, gero eta gehiago ematen ari den artzaintzaren jardueraren murrizketak aldaketa garrantzitsuak dakartza lurzoruko konposizio begetal eta mikrobianoan eta, beraz, galera bat dibertsitate floristikoan eta larrearen kalitate nutritiboan, eta baita CO2-aren isurien igoera. Guzti horrek, kate-ondorio ugari izango ditu, arlo sozio-ekonomikoan ere nabarituko direnak.

Horixe da, ‘Larratzearen ekologia eta lurzoru-landare-herbiboroen elkarrekintzak' UPV/EHUko ikerketa taldeak erdietsi duen ondorioetako bat. Talde hau, besteak beste, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Arantza Aldezabal eta Iñaki Odriozolak eta NEIKER-Teknaliako Lur Moragues eta Iker Mijangosek osatzen dute. Azken urteetan burutu duten ikerketaren emaitzak, Applied Soil Ecology izen handiko aldizkari zientifikoaren azaroko zenbakian argitaratu dituzte Impact of grazing abandonment on plant and soil microbial communities in an Atlantic mountain grassland (Atlantikoko mendietako larreetan artzaintza desagertzearen inpaktua landare eta lurzoruko mikrobio komunitateetan) izenburupean.

Orain hamar urte, 2005ean, eman zituen bere lehen pausoak ikerketa honek, 50x50 metroko bi itxitura edo esklusio eremu eraiki zituztenean Aralarren, bata Oiduin (860 metroko altitudean) eta bestea Alotzan (ia 1.300 metroko altitudean). Itxitura hauekin, azken hamar urte hauetan larratze-sasoian, maiatzetik azarora bitartean, inguruko herbiboroak (behiak, zaldiak eta ardiak) larre-zati horretara ez sartzea lortu da. Horrela, larratze-ezak landaredian (zorugaineko aldaketetan) eta lurzoruan (lurpeko aldaketetan) duen eragina aztertu ahal izan dute. Bost urte igarota, 2010ean, itxitura bietan izandako ezberdintasunak neurtzeari ekin zion ikerketa-taldeak, larratze-guneetako datuekin konparatuz.

info +

Antolatzailea:

ENBA